logo

EUSKAL HERRIA, HARRERA HERRIA
DIGNIDAD, DERECHOS y ALTERNATIVAS
LIBERTE DE CIRCULATION, ÉGALITÉ DES DROITS

Euskal herria, harrera herria. Duintasuna, eskubideak eta alternatibak. Zirkulazio-askatasuna, eskubide-berdintasuna

Itsasartea zena orain amildegia da” cabesten zuen orain urte batzuk DUT rock talde hondarribiarrak. Bi hamarkada pasa ondoren amildegi hori txikiagoa egin beharrean gero eta handiagoa egin da gure begien aurrean.

Europako gotorleku gaindiezina errealitatea eta mundua bereizten duen hesia altxatzen saiatu da, Europako ametsa alanbrez josiz, kontinente honen hiritarren bihotzarekin batera. Hesia fisikoa da baina ez estatikoa. Hesiak zeharkatu eta bidaia jarraitzea lortzen dutenen alboan darrai.

Bidaia hori gure herriraino ekartzen ditu asko, gure etxeraino, Iruneraino. Dagoeneko 7 hilabete pasa dira dozenaka lagunek eta eragilek, Irungo hiritar sarean antolatuak, gure laguntza eta babesa ematen diegula euren bidaia jarrai dezaten. Elkartasunez ari gara, ez karitateaz, elkarrekiko babesaz, bestearen azal eta begietan errekonozitzeaz. Gizatasunez eta justiziaz ari gara.

Manifestazioa, 2019ko urtarrila. Argazkia: Gari Garaialde

Irunek bere besoak zabaldu ditu. Izan ere, Euskal Herriak beti zabaldu dizkie bere besoak herri honen bizitzan parte hartzera etorri direnei, herri honen historiari ekarpena egitera etorri direnei. Baina beste behin ere, herri ekimenak instituzio eta politikari profesionalei aurre hartu die. Irungo hiritar sareko boluntarioak izan dira hasieratik, krisi humanitario hau hasi zen unetik, kalera atera zirenak gure herritik igaro diren ehunka gazte hauei laguntzera eta babesa ematera. Oso harro gaude egin eta egiten ari garen guztiarekin. Antolatu gara eta autogestionatu gara instituzioen laguntzarik gabe, hauek hasieratik berandu eta gaizki jokatu dute eta. Irungo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ez diote era garbian egoerari aurre egin nahi izan. Hilabete hauetan zehar, instituzio hauek inprobisazioz jokatu dute epe motzerako erantzunak emanez, epe luzerako erantzun, plan edota politikarik planteatu gabe. Hau krisi humanitario latza da, eta eraginkor, solidario, afektibo eta humanoak diren erantzunak behar dira.

Konpontxoak jartzeak eta egoera arintzeko eskuragarri dituzten baliabideak ez erabiltzeak ez du ehunka gazte horiek etorrera saihestuko.

Bukatzeko, goitik gobernatzen gaituzten horiei hitz egin nahi diegu. Europa klasikoko ultraeskuin eta alderdi nazional-populisten olatu berriaren xenofobia eta gorrotozko diskurtsoa asimilatzen ari diren Europako elite politiko eta gobernuari: errezeta sinpleak eskaintzeak ez du balio konplexutasun handiko arazo eta errealitateei aurre egiteko. Europa, Salvini edota Casadoren gogoz kontra, harrera kontinentea da. Mendeetan zehar hala izan da eta hala izaten jarraituko du.

Europako etorkizuna kultura anitzekoa izango da, nahastera, elkartzera, gerturatzera, ulertzera eta besarkatzera kondenatuta baikaude.

Itsasartea zena orain amildegia da” abesten zuen DUT rock talde hondarribiarrak. Gure esku izango dugu, hein handi batean, amildegi hau txikiago egitea.

Manifestazioa, 2019ko urtarrila. Argazkia: Gari Garaialde

Eskerrak. Bidea elkartasuna da

Hiru abuztuko uda berotsu hartan bota genuen botila hura Itsasora.

Bertan, 5000 besarkada, 4 olatutzar eta mezu ñimiño bat. Isiltasunean urruneko itsaso eta uharte galduak zeharkatu ondoren, zuek jaso egin zenuten botila.

Eta udara horretan itsasora jaurti genuen botila hura ireki zenutenean, gure besarkadak eta mezua irakurri ostean, elkartasunez beteriko olatu handi batek Irunera ekarri zintuzten.

Eta honaino, gure plazaraino, gure etxeraino, bai laguntza behar dutenei, bai hauei laguntzen dietenei, laguntzera etorri zineten, eta hau ez dugu sekula ahaztuko.

Anai-arrebok, ez dugu gu gogoratzea nahi, gutaz ez ahaztea baizik. Eta egun batean itsasoan jaso zenuten senidatasun, borroka eta elkartasunezko mezu horrek, zuen auzo eta herrietan, eta azken finean zuen bihotzetan daramazuen mundu berri horretan, gainezka egin dezan opa dizuegu. Honek, guztioi, borrokatzen eta amesten lagunduko digu eta.

Berriro ere, elkar ikusi eta elkar topo egingo dugu.

Mila esker guztioi!!